XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Galiziari so Datozen bi asteetan TVGren eskutik zerbait ikusi ahal izango dugu ETBn.

Igande honetan estropadak, datorren astebukaeran hiru futbol partidu eta abuztuaren hamalautik aurrera da eta ez hurrengo astelehenetik atzo oker idatzi nuen bezala, Galiziako Bira zuzenean.

Asteko kirol emanaldiak osatzeko pilota partidu bat agindu digute asteazken arratsalderako eta aurreko astean bezala azken orduko emanaldi bat ere izan dezakegu.

Igande eguerdian, Teresa Herrera izeneko estropada eskeiniko digute A Coruñatik.

Bertan Galiziako untzi ugarien artean Santurtzi eta Kaiku traineruak egongo dira.

Pilota partidua Gasteiztik eskeiniko digute.

Asteazkenean, arratsaldeko seirak eta laurdenean, La Blanca Txapelketaren eskuz binakako finala.

Filmeen txanpa gaur gauekoak irekitzen du.

Beldurrezkoa eta eskena higuingarriz josia izenak garbi adierazten duen bezala, William Fruet-en Asteburu odoltsua gazte jendeari zuzendutako izu generoan koka daiteke.

Bihar arratsaldean Tarzan alde batera utzi eta Franzis mandoarengana zoaz.

ETBk garai batean zuhurtasunak eskatzen duen baino filme gehiago bikoiztu eta eskeini zigun.

Hona hemen haietako bat, mandoaren berba ez dezagun ahaztu, Franzis, zaldi lasterketatan.

Igandean etxean gelditzera behartuak bazaudete, beste ETBren lagun zaharra duzue Perry Mason.

Ez da arratsaldean berriro eskeitzen diguten saileko atal bat urte batzu beranduago egindako jarraipena baizik.

Beraz abokatu azkar honen monoa baduzue, Raynond Burr koloretan, tripa handiaz jabetua eta bizar eder batez apaindua ikus dezakezue, Erahildako Artistaren Kasuan.

ETBko ikerlari eta heriotzekin nazka nazka eginik ez bazaudete, asteazkeneko filmean asetu arte izango dituzue, Agatha Christiren Hamar beltxo nobelaren moldaketa ikusi ahal izango bait dugu.

Azkenik asteko filme aipagarri bakarra ostegun gauean eskeiniko digute.

Izar bat jaio da filmean, William Wellmanek, zine munduko mixeriak erakutsiko dizkigu, gainbehera doan aktoresa baten harremana pantailaratuz.

Telesailen arloan Gillen Tell saila ordezkatzeko beste errepikapen batengana jo dute eta gaurtik aurrera Jainko zaldunak saila ikusi ahal izango dugu, bazkalondoko albistegiaren aurretik.

Gogoratzen ez bazarete Inglaterran kokatzen da 2020 urtearen inguruan eta erdi fraile, erdi gerlari diren zapaltzaile batzuk garaitu arren, herriak egingo duen borroka kontatzen digute, erdia aroa eta zientzia fikzioa nahasten dituen xelebrekeri batean.

Allo, allo umorezko telesaila ere berriro jarri digute larunbat arratsaldeetan, baina zalantzarik gabe uda hontako telesail gomendagarriena igandean zortzirak aldean eskeintzen duten Bai Lehen Ministroa da.

Gutxiengoak saila, Italiako albaniarrengana hurbilduko da eta beste herrien egoera ezagutzea beti interesgarria bada, orain arte ikusitakoak izan duten turismo dokumental kutsuak gogo hori gutxitzen du.